Zuhaitzak eroso ote daude, hostorik gabe?
Garai latzetan, biluzten dira.
Ez dauka zentzurik.
Lurra berotzen hastean
Igandeetako arropa elegantez estaltzen dira,
Lorez.
Kolorez.
Ez dauka zentzurik.
Udazkena beraz, asteguna da.
Eta udaberria, igande?
Ez dauka zentzurik.
Baina, polita da.
Zentzurik ez du, eta polita da.
Polita, hostoak erortzen ikustea.
Belardiak, hostoz ikustea.
Eta polita, zuhaitzak loratzen ikustea.
Zu zer zara, astegun edo igandetakoa?
-talde batekoa zara edo bakarrik zaude-
Eta Akabo. Beldurra ematen du bakardadeak.
Badaezpada, ni astegunetakoa naiz.
Erortzen ikustea,
Erorketak pilatzea.
Hostoz betetako tontorra, Dr. Martens botetan besarkatuta gelditzen den hosto mimosoa Atrakzioa.
Baditut lagunak korronteen aurka doazenak,
Bakardadeari beldurrik ez diotenak.
Talde bateko kide izatearen amildegitik salto egin dutenak.
Eta ez direnak, ez astegun eta ez igandeetakoak.
Eta ez dauka zentzurik,
Eta polita da,
Eta eskerrik asko.
Zentzuaren aurkako kide izateagatik.
Carmen Olano Iriarteren hitzak.