Soinuari dagokienez, erronka bikoitza izan zen Inun-en bideoklip hau. Alde batetik, zuzenean eta toma bakarrez jasotzearen erronka geneukan. Eta beste aldetik, zuzenean jasota egoteaz gain, inguratzen gintuen espazioaren handitasuna transmititu behar zuen bideoak.
Zuzeneko grabaketa
Plano bakarrez jasoa izango zela erabaki genuenean, argi gelditu zitzaigun soinuari dagokionez zuzeneko grabaketa izan behar zela. Ez sinkro-arengatik soilik, diseinu eta lan-filosofiari ematen diegulako pisu handiagoa horrelako kasuetan. Egia da emaitza ez dela "perfektua" izango; musikariak nota bat laburregi jo duelako, edo kamararen mugimendua azkarregia izan delako puntu zehatz batetan... Hala ere, kasu honetan hurbiltasuna, freskotasuna eta naturaltasuna bilatzen genituen, eta kontextua hori izanik, zuzentasunaren definizioak kutsu ezberdin bat hartu zuen.
Piztia Zaurituak-en moldaketa akustiko honetan hiru musikarik hartu zuten parte: Ekain Alzola kontrabaxuan, Sergio Mayoral tronpetan eta Mikel Inun bera ahotsa eta gitarra akustikoan. Behin eszenan hartuko zuten tokia erabakita, beraien arteko distantzia, soinu grabaketarako ez zela arazoa izango ikusi genuen. Hurrengo pausua, mikroen kokatzea.
Lau elementuek garrantzi berdina duten arren, ahotsa, gitarra, kontrabaxua edo tronpetak rol ezberdinak betetzen dituzte abesti honetan. Beraz, beraien tratamentua ezberdina izan behar zen.
Ahotsaren kasuan, diafragma handiko mikrofono kondentsadore bat erabili genuen; Blue etxeko Baby Bottle. Kondentsadore motakoa izan arren, dinamikoen kutsua hartzen duen mikrofonoa izanik, transmititu nahi genuen zuzeneko sentsazioa lortzeko ezin hobea zen.
Tronpetarako ordea, gardentasuna beharrean, goxotasuna eta berotasuna lortu nahi genituen, ahotsa inguratzeko behar genuen mantua.Horretarako, SE Electronics R1 ezin aproposagoa zen. Hasieran, zortzi formako polar pattern-a dela eta, dudak izan genituen mikrofonoaren atzekaldeak jasoko zuen soinua handiegia izango zen ala ez. Baina proba pare baten ostean, duda guztiak bereala utzi genituen albo batera.
Kontrabaxua eta gitarra akustikoa, ordea, zuzenean mikrofonoz jasotzea ezinezkoa zela ikusi genuen. Hauek sortzen zuten bolumena ez zen nahikoa ahots eta tronpetarengandik nabarmentzeko. Beraz, anpliak erabiltzea erabaki genuen, kontrabaxuaren eta gitarraren line seinaleak hartuz. Honez gain, gitarraren kasuan, AKG C 451 B diafragma txikiko kondentsadore mikrofonoaz amplifikadorearen soinua osatu genuen.
Egia esan, harritu egin ginen mikroek jasotzen zuten seinalearen garbitasuna entzutean, eta hau da hain zuzen bigarren erronkaren abiapuntua.
Espazioaren tratamentua
Zuzeneko grabaketaz gain, zuzenean grabatuta dagoela transmititu behar zuen. Hortik sortu zitzaigun espazioaren tratamentuaren erronka. Lehendabiziko aldia zen Arrate estudioan aritzen ginena, eta hangar itxurako toki honek transmititzen duen handitasuna aprobetxatu behar genuen eta, modu batean edo bestean, emaitzean isladatu.
Soinuari dagokionez, bageneukan instrumentuen eta ahotsaren seinale garbia. Postprodukzioan edozer egiteko aukera emango zigun multi-track grabaketa, baina... non geldituko zen bilatzen genuen hurretasun eta naturaltasuna? Ez... postpro-a ez genuen Arrateko espazioa simulatzeko erabiliko. Espazioaren reverb naturala erabiltzea lortu nahi genuen, eta horretaz gain, baita kontrolatu ere. Horretarako, bi teknika erabili genituen: ambient mics eta reamping-a.
Ambient mics
Oso ezaguna den teknika honekin, distantzia erdi-luze batetan mikrofonoak jarriz, salako soinua grabatzea bilatzen da. Fokoa soinu iturrian jarri beharrean, paret eta sabaiaren kontra jotzen duten soinuak jasotzea bilatzen da. Bagenekien teknika honekin Arrateko atmosfera grabatzea lortuko genuela.
Hala ere, distantzia eta mikrofonoaren norabide ezberdinak probatu ondoren konturatu ginen, seinale honetan tronpetak pisu handiegia zuela, gainerako instrumentuak eta ahotsa ia entzunezin bihurtu arte. 5-6 metrotara kokatu genuen mikrofonoa, musikarien kontrako norantzan. Gero 8-9 metrotara zuzenean musikariengana eta baita kontrata ere, emaitza antzerako lortuz.
Ondorioa; teknika honekin erdizka bakarrik lortuko genuen espazioa kontrolatzea. Nola lortu beraz, toma bakarrean, zuzeneko grabaketa batetan salako isladapenak kontrolatzea? Ahotsa amplifikatu genezakeen, baina horrek ahotsaren testura aldatuko zukeen. Beste alde batetik, kontrabaxuaren eta gitarraren amplien bolumena igotzeak, gainerako mikroen seinalea kutsatuko zukeen.
Erantzuna; reamping-a.
Reamping-a
Teknika honek hamaika aplikazio ezberdin ditu, musika estudioetatik hasita zinemako mundurarte. Gure kasuan erreberberazio-ganbara deituriko aplikazioan oinarritu ginen.
Reamping-a aurretiz grabaturiko seinale bat berriro amplifikatzean datza. Modu honetan, seinale garbi bati, testura eta nortasun jakin bat eman diezaiokegu. Adibidez, gitarra seinale garbi bat amplifikadore jakin batetan erreprodukzitu ondoren, seinale hau berriro grabatzean nortasun ezberdin bat izango du.
Gure kasuan, abestia grabatu ostean, lehendabizi bertan zeuden lankide guztiak kanpora bidali genituen, beharrezkoak ez ziren zaratak ekiditeko. Honen ondoren, grabaziotik tronpeta muteatu eta gainerako instrumentu eta ahotsa gitarrako amplifikadorera bidali genituen. Aproposa iruditzen zitzaugun bolumenean erreproduzitu eta salako soinua grabatzeko erabili genituen room mic-ak erabilita, salako soinua track berri batetan jaso genuen.
Emaitza; toma bakarrean, zuzenean jasotako grabaketa, espazioaren presentzia kontrolatzeko aukerarekin.
Nahasketa egiterako orduan, espazioak duen presentzia auxiliar track batetan reverb plug-in bat izango bagenu bezala kontrolatzeko ahalmena izan genuen.
Grabaketa egun bakarrean burutu genuen Gernikako Arrate estudioan.
Esker bereziak James Morgan ekoizle, maisu eta lagunari.
Asier Renteria,
Bermeon, 2018ko Martxoak 29an
P.D: Making Of Argazki digitalak: Keldor Gerrikagoitia